Herrien astea XIMikelazulo kultur elkarteak antolatutako Herrien Astearen XI. edizioa azaroaren 14an hasi eta 18ra bitarte luzatuko da. Segidan aste honetako egitaraua eta Mikelazuloko lagun batekin egindako elkarrizketaren zenbait audio zati dituzue:
-Azaroak 14, asteartean, Oreretako 7 etorkinen gutunak etexez etxe banatuko ziren “Begiratu zure buzoian” ekimenean (entzun gutun baten grabaketa)
-Azaroak 15, asteazkena
19:00etan Poteo Zapatista herriko tabernetan zehar, poemak eta aldarriak irakurriz.
20:00etan “El fuego y la palabra” Zapatistei buruzko dukumentala, Periferiak-ekin elkarlanean.
-Azaroak 16, osteguna
19:30etan solasaldia: “Población negra en Europa” liburuaren aurkezpena Inongo-vi-Makomé egilearen eskutik.
22:30etan ipuin kontaketa: Kamerungo ipuinak De Cyne Reyna tabernan, Inongo-vi-Makomé idazlearen eskutik.
-Azaroak 17, ostirala
20:00etan performance artistikoa Kolax antzerki taldearekin elkarlanean: “Ahotsik gabekoen ahotsa”, entzunezko lekukotzez osatutako instalazioaren inaugurazioa Xenpelar aretoan (erakusketa hilabete amaiera arte egongo da)
-Azaroak 18, larunbata
19:00etan “Bizitza Gurpil, sentsazioen erbestea” ikuskizun-esperimentua, Kolax antzerki taldearekin elkarlanean: Zumarditik aterako den autobus batean burutuko da. (Hartu autobus txartela Mikelan)
21:00etan afari herrikoia Txintxarri elkartean: Aurten Gineako elkarteak antolatuko du afaria (Txartelak mikelan) (Larunbateko ekitaldiei buruzko elkarrizketa eta ekitaldietan parte hartzeko gonbitea)
Informazio gehiagorako: 943417002 / 679977276

Eta hona hemen Mikelazulok bidalitako prentsa oharra:

Aurten ere Herrien Asteak hastapenetik izan dituen helburuei eutsiko die (informazioa, salaketa, elkartasun adierazpenak, etorkinekiko elkarbizitzarako espazio errealak sortzea…), aurtengoan berrikuntza nabarmenekin: ohiko afari herrikoi, hitzaldi eta erakusketez gain, antzerkiak eta arteak protagonismo berezia izango dute egingo diren ekitaldietan (herriko etorkinen adierazpenetan oinarritutako performance, instalazio eta ekintza sinboliko-artistikoen bidez).

Kolax antzerki taldea, Periferiak ekimena, Gakoa argitaletxea, SOS Arrazakeria, Ginea Etxea, Txintxarri elkartea, De Cyne Reyna taberna, Xenpelar Etxea eta Oreretako etorkinekin ibiliak gara, besteak beste, ekintza horietan elkarlanean.

Herrien Asteak orain hamaika urte sortu zenean helburu batzu finkatu zituen, egun indarrean jarraitzen dutenak: batetik azken urteotan Euskal Herriko egunerokotasunaren parte garrantzitsua bilakatu den etorkinen errealitatearen berri ematea, eta bestetik mundu mailan egon daitezkeen gatazka eta borroka politiko, sozial eta kulturalen berri emateaz gain haiekin elkartasuna adieraztea.

Urte gutxian etorkinei loturiko errealitatea asko aldatu da gurean, eta hori dela eta hirugarren helburu bat gehitu zaio zerrendari: instituzio eta botere-gune ezberdinek errealitate hau beren diskurtso eta propagandan “integratzeko” agertu duten joera nabarmena ikusita inoiz baino gehiago elkarbizitzarako, aldarrikapenerako eta elkarezagutzarako aukera eta espazio errealak sortzea. Diskurtsoetatik at, estatistiketatik at, aurriritzietatik at.

Herrien Astean parte hartzen dutenek beren borondatea agertu dute, nahi izanez gero, eskura duten informazioa zuzenean helarazteko. “Ikusezina dena ikusteko” ahalegina egin dezagun.

Informazio gehiagorako: 943417002 / 679977276

Atala: Arrosa · Audio Artxiboak · Elkarrizketak · Herri albisteak