0_3_nies5.jpg 

Gaur Nafarroako irrati euskaldunen sarea aurkeztu nahi dizuegu; Nafarroako Irratiak izenpean gauzatu dugun proiektua. Gaur plazaratzen dizuegun egitasmoa euskararen biziberritzearen alde egindako elkarlanaren ondorioa da. Nafarroa Garaian une honetan euskaraz dihardugun sei irrati gaude, Xorroxin, Beleixe, Esan Erran, Karrape, Aralar eta Euskalerria irratia. Bakoitzak lan esparru, zabalpen eremu eta oro har ezaugarri ezberdinak ditu, baina oinarrian komuneko ardatza; euskara eta hizkuntzaren normalkuntzaren aldeko lana irratigintzaren berezko baliabide guztiak erabiliz.

Komunikazio eta informazioaren aro honetan, tokian tokiko irratiok geure baliabide eta ezaugarri propioekin, eguneroko jardunean euskal hiztunen komunitatearen sendotzeko egiten dugun lana bateratu dugu eta etorkizunerako erronkari elkarrekin helduko diogu. Horrela, sare eraginkorra eratzea izan da eman dugun urratsa eta gaur aurkezten dizueguna. Programazioa bateratua bultzatu, elkarlana sustatu, esparruak zabaldu nahi ditugu ahalik eta eremu handienera iristeko, sistema komuna martxan jarri eta gure ekoizpena ahalik eta modu egokienean gauzatu nahi dugu.

Dagoeneko bi urte igaro dira lehen bilkurak egin zirenetik eta jadanik bide honetan lehen urratsak egin ditugu. Orain dena martxan dagoela, ahaleginak merezi duela esateko moduan gaude. Epe ezberdinak finkatu ditugu saretzea abian jartzeko; irratien teknologien eguneratzea eta digitalizazioa izan dira lehen pausoa eta behin hori beteta gure zabalkundeari eta programazio trukaketari helduko zaio. Webgunea izanen da gure erakusleiho eta elkargune nagusia. Bertatik irrati bakoitzak bere inguruko berriak, gaiak, foroak, argazkiak, audioak… izateaz gain egindako irratsaioak interneten zintzilikatzeko aukera izanen du, modu horretan beste irratiek eskuragarri izanen dute programazio trukaketa ahalbidetuz. Baina ez hori bakarrik, edozein erabiltzailek ere izanen baitu aukera gure web guneak bisitatu eta gure irratsaioak entzuteko. Orri nagusi bat izanen dugu www.nafarroakoirratiak.com izenarekin eta hortik aurrera irrati bakoitzak berea.

www.esanerran.com

www.xorroxin.com

www.euskalerriairratia.com

www.aralarirratia.com

www.karrape.com

www.beleixe.com.

Etorkizunari begira online emititzeko aukera aztertzen ari gara eta hurrengo pausoa hori izanen da, programazioa eta eduki trukaketa bultzatzen dugun bitartean, denontzat aberasgarri izango den bultzada eman nahi dugu, elkarlana eta hurbiltasuna ezaugarriak irratietan dihardutenentzat zein entzuleentzat onuragarri izan daitezen.

Elkarlana, hurbiltasuna, gertutasuna eta eguneroko bizitzan euskararen presentzia bermatzeko eta sustatzeko ahaleginak egiten jarraituko dugu Nafarroako irrati euskaldunek saretze prozesu honetan.

Hau gauzatzeko Euskara Elkarteen Topagunearen laguntza ezinbestekoa izan zaigu, ideiaren garapena eta gestioan egindako lana erabakiorra izan da proiektua martxan jarri eta garapenerako. Jakina, Udalbideren diru laguntzarik gabe hasierako ideia, xedea errealitate bilakatzea ezinbestekoa izanen litzaiguke. Hortaz eskerrak ere Udalbide eta Topaguneari eskainitako laguntzagatik.

Atala: BERRIAK · Herri albisteak · Irrati albisteak