Gaur Maiatzaren 3an, Prentsa Askatasuneko Munduko Egunean, komunikabide askok munduan zehar dauden eskubide honen bortxaketen berri emango dute. Baina zaila izango da hementxe bertan burutzen diren adierazpen askatasunaren murrizketen aipamenik aurkitzea. Eta egon badaude. Oso larria baita komunikazio lanagatik norbait ixilaraztea, are larriagoa eskubide unibertsala sistematikoki, egunero eta etengabe urratzea.

Giza Eskubideen Munduko Deklarazioaren 19. artikuluak zera dio: “Pertsona orok adierazpenak eta iritziak emateko eskubidea dauka; eskubide honek hauek dakartza: bakoitza bere iritziak direla eta zirikatua ez izatekoa, ikertu eta informazioak eta iritziak jasotzeko eskubidea, eta, aipatu informazio ta iritziak edozein moduren bidez adierazteko eta inolako muga murrizketarik gabe banatzeko eskubideak”

Eta hemen, gaur egun, edonork ezin du informazioak eta iritziak jaso. Edonork ezin du banatu, edozein komunikabideren bidez muga murrizketarik gabe. Ezin dute egin, adibidez, irrati libre, komunitario elkartedunek. Eta era berean, mota honetako irratiek eskubide hauek ezin dutenez egikaritu, irrati hauek aukeratu duten entzuleen entzumen eskubideak ere urratu egiten dira, eta hauen iritziak eta informazioak ezin jaso ere.

Gaur egun, hemen, Estatuak eta Merkatuak baino ez dute emititzeko eskubidea. Gizarte zibila, “Komunikazioaren Hirugarren Sektorea”, albo batera dago.

Eta gaur, beste bi sektoretako komunikabideei, egoera honen berri ematea ahaztu egingo zaie. Era berean, ziur asko, ahaztu ere egingo zaie UNESCOko Batzar Nagusiak Prentsa Askatasunaren Munduko eguna aukeratu zuenekoa. UNESCO-k maiatzaren 3a Windhoek-eko Deklarazioa gogorarazteko aukeratu zuenean, helburua “Afrikako prentsa independiente eta anitza” bultzatzeko zela adierazi zuen. Horretaz gain, 1991ko erresoluzio horretan (Munduan prentsa askatasunaren bultzaketa) prentsa libre, anitza eta independientea jendarte demokratiko ororen oinarrizko osagaia zela adierazten zen.

 

Zerbait dago gaizki Merkatuak eta Estatuak bakarrik emititu ahal dutenean, ez libre ezta independienteak ere ez direnean, eta kasu askotan ezta anitzak ere, eta aldi berean hirugarren sektorea, Tas-Tas eta beste irratiek osatutakoa, anitza, libre eta independientea benetan dena, albo batera uzten dutenean. Beraz, gaur ospatzen dugun 1991ko erresoluzioak dioenez, komunikabide libre, anitz eta independienteak jendarte demokratiko guztietan oinarrizkoak badira, ondorioztatu beharko dugu gure jendartea ez dela guztiz demokratikoa. Ala ez?

 

Gune radioelektrikoaren murrizketa (gauza objektiboa dena) aitzakitzat hartuz, Estatua, bere onerako erabiltzeko asmoarekin baliabide publikoa eta amankomun baten jabe da. Eta, berarentzat soberan daukana, pribatizatu egiten du. Jendarte osoaren jabegoa dena negozioa egin nahi dutenei ematen die. Gure aldetik, Tas Tas bezalako irrati libre, komunitario eta elkartedunek, baliabide publikoa bereganatu nahi dugu ere jendarteari berari itzultzeko asmoarekin. Ez dago dirua irabazteko asmorik. Ez dago negoziorik. Ezta bestelako etekinik ere.

 

Hirugarren sektoreetako irratiak urteetan gure eskubideak aldarrikatzen egon gara (25 urte baino gehoago). Eta urte hauetan guztietan, Administrazio Publikoak eskubide horiek ukatu egin ditu. Urte guzti hauetan Eusko Jaurlaritzak ez ditu bere beharrak bete. Urte guzti hauetan dialean kaosa eta diskriminazioa nagusi izan dira. Urte guzti hauetan, gure lana baldintza txarragoetan egin behar izan dugu, eta horren arrazioa ilegalak eta ilegitimoak diren irratiak dira, potentzia haundiagoekin eraso egiten gaituztenak. Egia da diala mugatua dela eta proiektu guztientzat lekurik ez dagoela. Baina egia da ere, Administrazioaren beharra aniztasuna eta ahalik eta sarbiderik handiena bermatzea dela. Eta diskriminazio eta bazterketa egoerak konpentsatu eta konpondu behar dituela.

 

Ez du balio, tranpa egitea baita, errua besteari botatzea eta Madrilgo Gobernuari, alegia, errua botatzea Komunikazioko Hirugarren Sektorearen inguruan legeak ez egitearren. Gasteizko Gobernuak nahiko tresnak ditu Giza Eskubideen Munduko Deklarazioaren 19. artikuluaren diskriminazio eta urraketa egoera hau konpondu ahal izateko. Borondate politikoa besterik ez du behar. Eta hori ez dago besteon esku, beraien esku baizik.

 

Orain aukera paregabea dauka, nahi izanez gero, hori egin ahal izateko. Orain sekulako aukera dauka goizago edo beranduago helduko den errekonozimenduan atzean ez geratzeko. Hirugarren sektoreko irratiak mundu osoan beraien aitortza lortzen ari dira. Europako herri gehienetan, Amerikan, Afrikan, Asian… Bakarrik zalantzazko legitimidade demokratikoko gobernuak, edo diktadurak zuzenean, horren kontra daude. Bakarrik gobernu horiek eta, gaur arte, gurea.

 

Egoera hau konpon ezazue. Beste Erkidego Autonomikoei eta Estatuko Administrazioari aurrea hartu (Ikus-Entzunezko Lege Orokorreko Aurreproiektu zirriborroan, dagoeneko irrati komunitarioak aitortzen ditu). Orain Gasteizko Gobernuak bere esku dauka Plan Tekniko berria, eta Plan horren bidez 34 frekuentzia berri banatu ahal izango ditu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Berriro ere guztiak baliabide publiko baten bidez dirua irabazteko asmoa duten proiektuentzat izango dira? Ala egoera hau konponduko da komunikazioko hirugarren sektoreari eskubidea emanez?

 

Gaur egungo legedian ez dago frekuentzia hauek irrati komertzialentzat bakarrik izan behar direla dioenik. Kudeaketa ez zuzenaz berba egiten da. Eta hor irrati libre, komunitario eta elkartedunentzako lekua badago.

 

Sektore publikoak nahiko frekuentziak baditu. Merkatuko sektoreak dagoeneko 35 frekuentzia baditu. Zuzenena izango zen 34 frekuentzia berri hauek hirugarren sektorearentzat izatea, sektore komunitarioa, dirua irabazteko asmorik gabeko sektorea. Baina ez dugu hainbeste eskatzen. Gasteizko Gobernuak, hala nahi izanez gero, hirugarren sektorearentzat frekuentzia hauen zati bat gorde dezake. Edo behintzat, lehiaketarako orduan hirugarren sektoreko irratiek frekuentzia hauetan sartzeko benetako aukera izan beharko genuke.

 

Bestela, hurrengo paradoxa honen aurrean egongo gara: lege berriak gu bezalako irratiak izatea aitortzea baina dialean guretzako lekurik ez uztea.

Atala: Irratiak