Gazte Independentisten izenean ari den Iratirekin hitz egin dugu aste honetan Irauli Uhinaken. Gazte Martxan independentziaren alde bildutako indarrak hauteskundeetan askatzeko beharraz hitz egin digu.

Elkarrizketa osorik [ogg]
Elkarrizketa osorik [mp3]

Irauli.- Hauteskundeak prozesu demokratikoarekin lotu dira behin eta berriz. Hori horrela bada ez du itxura onik azken aldian…

Irati.-Azken hilabeteetan hemen gabiltza prozesua gora, hauteskundeak behera, ilegalizazioak… faktore asko daude pilatuta baina guztiak ere prozesu demokratikoari lotuta doaz. Hori delako momentu honetan herri honek duen erronka. Azken hilabeteetan ezker abertzalea urratsak ematen ari da etengabean prozesu demokratiko horren alde bere borondate osoa erakutsi du eta proposamenak egiten ari da. Horren erakusgarri da aurkeztu den Trantsizio Demokratikorako Proposamena, herri honi hitza eta erabakia emango dion proposamen zehatza. Hauteskundeak ez direla demokratikoak esan nahi dugu eta egungo egoerari lotuak direla. Ikusten dugu beste behin ere Espainiako Estatuak errepresioaren bidetik jo duela ezker abertzalea mapa politikotik ezabatu nahiean. Azken urteetan argiki ikusi dugu ilegalizazio apustu horrek porrot egin duela, gazteria eta herritarrak borrokarako prest izan garelako eta gaudelako.

Argiki esan nahi dugu ezker abertzaleak baduela alternatiba zehatza herri honentzat, gazteok independentziarako bidean goaz eta horrentzako ezinbestekoa da ezker abertzalea aitortzea. Aukera politiko guztiak aitortuak eta errespetatuak izan behar dira.

Irauli.- Azken asteetan Imazen ingurutik ezintasun politikoa leporatzen diote ezker abertzaleari eta Espainiatik armak eta bozak ez direla bateragarriak diote. Zergatik gaude egoera honetan?

Irati.- PSOE eta PNVk ekarri dute egoera momentu honetara. PSOEren eta Zapateroren talantea urrun geratzen ari zaigu ez baita ari ematen inolako urratsik herriari hitza emateko eta konponbide demokratiko baten bidean jartzeko, horren adibide dira azken asteko inpugnazioak. Eta bide horretan bidaia lagun fidela da PNV. Ezker abertzaleari leporatu nahi diote egoeraren erantzukizuna baina ezker abertzaleak erakutsi du proposamenen bidez eta iniziatibaren bidez prozesu demokratikoa bultzatzeko egin ahala guztiak egiten ari dela.

Gazteon eskubideei erantzun ordez euren negozioak egiten jarraitzen dute gutxi batzuk bost etxe izan ditzaten eta hondartzako lehen lerroan bizi daitezen

Gu gure borondate guztia jartzen ari gara mahai gainean, gatazkaren gaindipenerako proposamen zehatzak aurkeztuz. Eurek muzin egiten diote proposamen horri, arduragabekeriaz jokatzen ari dira etengabe biolentziaren eztabaida antzuak sortuz; eurek ikaragarrizko erantzukizuna dute, PSOE eta PNV etengabe bonba-autoak jartzen ari baitira prozesu demokratikoaren aurka.

Irauli.- Zergatik uste duzue PNVk ez duela prozesu demokratiko bat nahi?

Irati.- Argi daukate herri honi hitza eta erabakia aitortuz gero bukatu zaiela txolloa, bukatu zaiela euren agintaritza, bukatu zaiela udaletan etxebizitza politikaren bidez euren poltsikoak betetzen jarraitzea? eta eurek bost etxebizitza izatea. Badakitelako hitza eta erabakia dugunean bazterrean geratuko direla, PNVk herri honentzat inoiz ez duelako izan eta orain ere ez duelako proiektu politikorik.

Irauli.- Udal hauteskundeak garrantzitsuak dira eguneroko bizian sufritzen ditugun arazoak konpontzeko (edo sortzeko). Adibidez udalak dira gaztetxeen desalojoak agintzen dituztenak, eta ez dira gutxi azken lau urteetakoak.

Irati.- Euskal Jairen desalojotik hasita gaur arte desalojo asko ezagutu ditugu. Eta ez hori bakarrik, baita identifikazioak, isunak, mehatxuak? denetik ezagutu dugu gure beharrak autogestionatu nahi ditugulako. Hori da guk aukeratu dugun bidea, gu gai garela behar dugunari erantzuteko eta autogestioaren bidean oztopoak besterik ez ditugu aurkitzen udalen eskutik. Agintari guztien eskutik, UPN, PNV edo Nafarroa Bai bera gaztetxeen desalojoak babestuz aritzen direlako.

Irauli.- Lau urte atzera begiratuta etxebizitzaren eremuan badirudi atzerako bidean goazela…

Irati.- Bai, etengabeko eraikuntza lanetan dihardute, helburu ekonomikoei begira eta euren poltsikoak betetzeko helburuarekin. Galdetuko nieke ea zenbait etxebizitza gehiago eraiki behar dituzten eta zenbait lur txikitu euren poltsikoek gainezka egin dezaten. Azkenean gazteon eskubideak sal-erosten ari dira, gazteok eskubidea dugu etxebizitza duina izateko eta eskubide horri erantzun ordez euren negozioak egiten jarraitzen dute gutxi batzuk bost etxe izan ditzaten eta hondartzako lehen lerroan bizi daitezen. Bitarteon gazteok aterpea izateko eskubidea urratua dugu eremu guztietan, baina argi dugu ez dugula etsiko eta egoera honi erantzuteko gai garela gure eguneroko borrokaz.

Irauli.- Ez da asko Korrika izan dela eta euskararen egoera mahai gainean jarri du. Aurreko astean entzun genuen UPN bere hizkuntza politika azaltzen, esan zuten elebitasuna zela euren proiektua, baina gazteleraz eta ingeleraz ari ziren mintzatzen.

Irati.- Apustu garbia egina du UPNk euskararekin, Euskal Herriarekin eta euskal izaerarekin lotura duen guztiarekin amaitzeko; nonbait gorroto gaituzte eta ipurdian hazkura ematen diegu. Nafarroan lehendik ere hor dugu hiru zonaldetan banatzen gaituen egoera, ley del vascuence delakoarekin gure hizkuntza eskubideak aitortzen dituzte eta orain gaztelera eta ingeleran oinarritutako elebitasuna proposatzen dute euskara erabat ezabatu nahi dutelako. UPNk egiten digun erasoa garbi dugu baina horren aurrean beste alderdiek ere badute erantzukizunik; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan euskara ofiziala da baina horrek ez du bermatzen euskal gazteon eskubideen errespetua, gure ikasketak eta bizitza ezin baitugu euskaraz garatu. Elebitasun faltsu horren diskurtsoarekin ere amaitu behar da, Euskal Herri euskalduna ez dugu lortuko elebitasun hori mantentzen den bitartean. Horretarako ezinbestekoa ofizialtasuna baina ez da aski.

Irauli.- Nafarroako parlamenturako hauteskundeak ere badira. UPNren gobernupean urte asko doa Nafarroa, kezka berezia dago hauteskunde horiekiko.

Irati.- UPN horrenbeste urtean gobernuan egotearen ondorioz egoera jasangaitza bizi dugu gazteok, emakumeok, euskaldunok? orokorrean herriaren aurkako etengabeko erasoa baita UPNren politika. Ez da denbora asko ikusi genuela nola ekarri zuten Espainiatik jendetza euren proiektuaren defentsan, badakite Foru Amejoramentua ez zutela herritarrek aukeratu eta beldur dira herriari hitza eta erabakia aitortzeko. Badakite hauek ere txolloa bukatu zaiela eta kanpora botako ditugula. Etengabe herritarren aurka ari dira pacto civico eta euren eraso eta isunekin. UPNk daraman politika itogarriarekin herritarron artean kezka handia dago, baina horren aurrean alternatiba handirik ez dute erakusten beste askok.

Independentziaren aldeko bozka hori ezinbestekoa izango da aurrera egin ahal izateko

Zapatero ere izan Iruñean eta esan zuen Nafarroak erabaki dutela eta erabakiko duela zer izan nahi duen. Orain ikusten dugu Puras jauna kanpainan esanez Navarra tu decides baina ez dugu ulertzen zer esan nahi duten, Nafarroak erabaki omen du baina ez dute herritarrei erabakia emateko asmorik, UPN gobernutik kentzea beste konturik ez dute buruan eta bide horretan lagun dituzte Nafarroa Baiko poltroneroak ere. Ez dakigu zer ekarri dezakeen eskuinekoek eta ezkerrekoek elkarrekin, independentistek eta federalistek elkarrekin; hasieratik ikusi dugu PSNri eskua luzatu dietela inolako baldintzarik gabe. Argi dugu hauen eskutik ez dela aldaketarik egongo, azken urteetan izan duten politika ikusita. Hauek ere gaztetxeak desalojatzen dituzte eta beste hainbat eremutan ere agindutakoaren bidetik ibili dira.

Irauli.- Administrazio guztiei eragiten dien proiektua da Abiadura Handiko Trena. Aurrera doa proiektua…

Irati.- Batzutan ez dute inolako oztoporik mugak gainditu eta elkarrekin aritzeko inposaketaren bidetik. Argi dugu AHTa inposaketa onartezina dela, euren poltsikoak betetzeko helburuarekin lantzen ari direna eta egungo zatiketa bermatzen duena. Ez dio herriaren beharrari erantzuten, herriaren borondatea behin eta berriz agerian geratu da, ez dugula horrelako inposaketarik onartuko, baina horri muzin egin eta trena inposatuko dute. Horretan Ibarretxeren, UPNren, PNVren, Sanzen eta abarren babesa du proiektuak.

Irauli.- Hauteskunde ziklo betean gaude eta aste honetako albistea da Sarkozy izango dela errepublikako presidente berria… aspalditik ezagutzen dugu…

Irati.- Bai, barne ministro zela kontrol sozialari lotutako gaia atera zuen, gazteon aurka gogor aritutako gizona da eta orain presidentea izango da. Guk lehen itzulian abstentzioa eskatu genuen eta bigarren itzulian Cortiko manifestuaren aldeko bozka eskatu dugu. Argi dugu Frantziako Estatuak gatazka duela Euskal Herrian, behin eta berriz ezkutatzen saiatzen diren arren. Hemendik Sarkozyri deia egiten diogu gatazka duela Euskal Herrian eta badela borrokarako prest dagoen gazteria. Urratsak eman beharko ditu Euskal Herria aitortzeko eta berari dagokion guztian erantzukizunari heldu beharko dio.

Irauli.-Ikusi dugun guztiarekin, bada lana egiteko… apartheidarena beste oztopo bat gehiago izango da bide horretan.

Irati.- Eskubide urraketa horrek bidea zailtzen du baina azken urteetan ikusi dugu estrategia horrek porrot egiten duela. Gu mapa politikotik ezabatu nahi gaituzte baina hori ez dute lortuko etengabeko borrokaz aurrera goazelako. Azken urteetan ikusi dugu euskal herritarrok eta gazteok ze alternatiba jartzen ditugun mahai gainean, gazte herria eraikitzen ari gara oztopo guztien gainetik. Gazte martxan ikusi genuen milaka gazte gaudela borrokarako irrikaz, badakigulako borrokak ekarriko digula gure eskubideak bermatzea eta Euskal Herri aske batean gazteok aske bizitzea. Independentziaren bide horretan lanean jarraituko dugu eta hauteskunde hauetan ere independentziaren aldeko bozka hori ezinbestekoa izango da aurrera egin ahal izateko.

Atala: Arrosa · BERRIAK · Elkarrizketak · Herri albisteak