Goizeko Kale Gorrian gaurkotasun magazinak udal eta foru hauteskundeetako emaitza errealak aztertuko ditu analistekin eta alderdi politikoetako gonbidatuekin

Astelehenean, Infozazpi irratiko Kale Gorrian magazinak luze eta zabal aztertuko ditu hego Euskal Herrian bezperan izandako udal eta foru hauteskundeen emaitzak. Martin Garitano kazetariak gidatuko du ordu eta erdiko iraupena izango duen saio berezi hori, eta goizeko 8etatik 9:30etara emitituko da.

Kale Gorrian berezi horretan, bezperako hauteskundeen emaitza jasoko ditu nazio mailako irrati herritarrak, herrialdez herrialde eta herriz herri. Legez kanporatutako hautagaitzek jasoko duten herri babesa kontuan harturik eskainiko ditu datuok eta horrela, hego Euskal Herriko erradiografia erreala egiteko informazioa jasotzeko aukera izango du entzuleak.

Emaitzak aztertzeaz gain, egun horretan kioskoan izango diren egunkariek hauteskunde emaitzak nola jasotzen dituzten irakurriko du Garitanok, bai eta egunkari horien editorialetan adierazitako iritzi ezberdinak plazaratu ere.

Bestetik, alderdi politikoetako ordezkariak bertan izango dira, alderdi bakoitzaren iritziak eta balorazioak ezagutzeko parada emanez. Besteak beste, bertan izango dira Eusko Alkartasunako Martin Aranburu, Batasunako Pernando Barrera, Aralargo Txentxo Jimenez, EAE-ANVko idazkari nagusi Antxon Gomez eta PSEko kide Denis Itxaso. Emaitzen gogoeta egiteko Iñaki Altuna kazetaria eta analista ere lagun izango du Garitanok.

Atala: Irrati albisteak