Infozazpiko gaueko musika ortzadarrak kolore bat gehiago izango du denboraldi berrian, musika estilo bakoitzeko berrikuntzak eta albisteak ezagutzeko parada ematen duen programa-eskaintza are zabalagoa izango baita irailaren 20tik aurrera. Hastera goazen denboraldi berriko izarra Burdinola saioa da, metal doinuen nobedadeak jorratuko dituen saioa. Gure artean horren ugari diren metal jarraitzaileek pozik hartuko dute berria, ezbairik gabe.
Burdinola zaildutako egitasmoa da. 2001. urtean eskaini zuen lehendabiziko saioa. Aukera, Donostiako Ttan Ttakun irrati aske eta euskaldunak (106.8 FM) eman zion, eta aurrerantzean ere saioaren etxe izaten jarraituko du.
Baina uhinetan 6 urte betetzear dagoenean Burdinolak urrats berri bat emango du. Donostia eta inguruetatik Euskal Herri osora zabaldu nahi du bere proposamena, eta haratago, mundu osora. Honela, irailaren 20tik aurrera Burdinola saioa Info7 irratian ere entzun ahal izango da egitura aldaketa nabarmen batekin eta beti bezala metal musikaren alde eginez. Izan ere, musika estilo honek oraindik ere baditu jarraitzaile dezente baina leku gutxi du medioetan. Honekin batera, heavy metala euskaraz ere disfruta daitekeela erakutsi nahi du Burdinola irratsaioak. Zita ostegunero izango da gaueko 11etatik aurrera.
Burdinola irratsaioaren datuak motzean…
Esataria: Inaxio Esnaola.
Iraupena: Ordu eta erdikoa.
Irratsaio mota: Musikala.
Edukia: Nazioarteko zein Euskal Herriko rock gogor eta heavy metal musika beren barne estilo guztiak kontutan hartuta.
Irratsaioaren atalak
> NOBEDADEAK
Hilabeteko diskoa.
Azpimarratzeko berrikuntza (astekoa).
Nobedade solteak.
> HERRIKO BURDINA
Euskal Herriko metal musikaren atala: nobedadeak eta atzera begirakoak.
Elkarrizketak (noizean behin).
> KONTZERTU AGENDA
Astean zehar izango diren metal kontzertu interesgarrienen bilduma.
Atzerriko talde baten bisita aprobetxatuz, abesti bat.
> METALDAKETA
Metal musikatik kanpo dauden abesti ezagunei egindako metal bertsioen tartea.
> AZKEN MAILU KOLPEA!
- Aspaldiko abestiak edota zeresana eman dutenak azken urteetan.
Ostegunero, gaurtik hasita, 23:00etan, Infozazpi irratian