xorroxin481.jpg

Gaurko albistegian berri bat dugu nagusi. Bertze berriak bazterrean utzi gabe, noski, eta narzisismoan erortzeko arriskua hartuz dena den. Berri historikoa, zenbaitetan ere historia eta histeria uztartu dituena. 26 urteko historian, dudarik gabe 2007ko urriaren 15 hau Xorroxin irratiarendako egun garrantzitsua da. Lehenbiziko aldiz, egoitza propiotik ari da solasean irrati xume hau, hainbertze jenderen neurrigabeko esfortzu eta grinari esker bere bidea egiten ari den irrati herritar hau. Etxe berria, propioa estreinatzen ari gara. Gibelean gelditu dira hainbat egoitza. Kilometroak egin ditu Xorroxin irratiak. Han eta hemen bizi izan da, beti ere etxe guzietako xokoetan egoteko intentzioarekin. Erratzuko eskolan eman zituen bere lehenbiziko pausuak. 1981eko martxoaren 19an uhineratu zen lehen aldiz, jende langile eta ameslari baten gogo eta lan haundiari esker, ametsak bideratuz. Beti ere irrati xume eta herritarraren xedea bazterrean utzi gabe, urtez urte, errotuz joan da Xorroxin irratia. Dena den bidea ez da laua izan. Malda aunitz, oztopo aunitz aurkitu ditu bere bidean, baino jendearen ilusioa guzti horren gainetik egon da beti eta 26 urteko ibilbideak ederki aski erakusten du hori. Euskal Herriko irrati euskaldunik aintzinakoena da Xorroxin. Aintzinakoena, ez zaharrena, izan ere gazte mantentzen baita, sugeak bezala, azala berritzen baitu eguneroko solasari esker, entzuleen partehartzeari esker, norbanakoen hatsari esker. Erran bezala, Erratzun hasi zen, eta gaur, Elizondon, Aita Donostia karrikan bere etxetik ari da solasean Xorroxin irratia. Dena den, 26 urteko historia honetan, etxebizitza aunitz ezagutu ditu Xorroxinek. Erratzuko eskolatik Elizondoko Fortenea ostatura egin zuen salto; Elizondo utzi gabe, gero Saskaitz plazako egoitza ezagutu zuen. Ondotik Iruritako etxe batetik solastu zen denbora batez, eta azken urteak Elizondoko San Frantzisko Xabier ikastetxeko etxe eskolatik egin ditu bere emankizunak. 5 egoitza ezagutu ditu beraz irrati herritar honek. 6. bat ere ezagutu beharra zuen dena den, halabeharrez, eta irratia koxkortu denez, gaztea denez, ilusioa duenez, lana egiteko gogoz dagoenez, entzulego finaren hauspoa somatzen duenez, egoitza propioa izateko hautua hartu du. Erabakia hartu eta burutu. Esfortzu haundia egin beharko da. Ez da lanik faltako. Momentu gogorrak ere igaroko ditu, baino, beti bezala, herriari esker, konpromezuari esker aitzinet aterako da gure irrati hau, guztion irrati hau, Xorroxin irratia.

Atala: Arrosa