Udarako nagiak astindu ezinda ibili gara Irauli Uhinaken, baina azkenean hemen gaude, beste ikasturte batez kaka emateko prest. Hirugarren saioa grabatu dugu aste honetan, lehenean Ibarretxe planaz aritu ginen eta azken bietan faxistak izan ditugu hizpide.
Agian ez gara EiTBkoak bezain onak, baina desberdinak bai. Ez gara gai egunean 24 ordutan emititzeko, baina astean ordu betean esaten ez dituzten egia asko esateko gai gara. Ez gara izango telebistakoak bezain guapoak, ez dugu izango irrati esatarien tonu sexya, baina gure ahots zakar eta guzti garena bezala azaltzen gara. Gurea ez da beste munduko saioa, baina horrelako gutxi daude mundu honetan… ez gaituzu ezagutzen? Irauli Uhinak gara, astero entzungo gaituzu zure irrati librean edo www.gaztesarea.net/irauli webgunean.
Aktualitatea saioaren ardatza izango da aurten ere. Astean zehar gertatutakoak hartuko ditugu hizpide. Gaztesareko Gazte Informazio Agentzia izaten dugu horretarako iturri, baina errepikatzen ibili nahi ez dugunez, umorez helduko diogu gazteoi gertatzen zaigunaz gain, gazteoi eragiten digunaz hitz egiteko. Aste honetan faxisten ongietorria izan dugu hizpide.
Asteari errepaso poetikoa
egiteko asmoz Bertso Kronika gehitu diogu gure saioari, bertsotan entzun ahalko dugu asteak utzi diguna. Nola ez Musikaleri jarraipena egingo diogu, astero talde berriak aurkeztuz eta bertsolaritzaren atala eta Izarapeko aholkuak izango dira.
Kulturaren atalean ere gazte sortzaileak ezagutzen saiatuko gara.
Aurten lehio berria ireki nahi dugu komunikazio proiektu gazteentzat. Astero herri ezberdinetan garatzen ari diren komunikazio proiektuei ahotsa emango diegu, euren hitzetan konta diezaguten zer den egiten dutena (irakurle, komunikazio proiekturen baten bazabiltza jarri gurekin harremanetan mesedez: irauliuhinak@gaztesarea.net ).
Beraz badakizu, zerbait ezberdina nahi baduzu, gehiegitan ezkutuan geratzen diren kontuak entzun nahi badituzu; edo besterik gabe, gurekin edo gutaz barre egin nahi baduzu… astero www.gaztesarea.net/irauli webgunearen bitartez edo zure inguruko irrati librean entzun ahalko gaituzu.
Laguntzeko prest baldin bazaude, Irauliren lan taldean parte hartu nahi baduzu, edo aldian behin laguntzeko prest bazaude… beso zabalik gaituzu zure zain. Idatzi iezaguzu: irauliuhinak@gaztesarea.net