Hala Bedi irratiko Zaharrak Berri irratsaioan mundu mailako egungo gatazken jatorri historikoa bilatzen duen Oier Imazek arrazakeria izan zuen hizpide azken irratsaioan. Azken urte hauetan Suitza, Suedia, Frantzia eta beste Europako hainbat estatutan eskuin muturreko alderdiek indarra hartzen ari dira. Alderdi hauek gero eta modu agerikoan pentsakera arrazista bultzatzen dute.
Oierren arabera historikoki teoria arrazistek arrazakeria kutsu zientifikoarekin mozorrotu izan dute. Teoria hauen arabera arraza zuria besteak baino garatuagoa izango litzateke, eta mailarik baxuenean arraza beltza legoke. Bereizketa hau europar zuriek beste arrazatakoak esplotatu edo esklabu gisa edukitzeko erabili izan da. Beste modu baten esanda, mundu osoaren esplotazio eta kolonizazioa ideologikoki justifikatzeko balio izan du arrazakeriak.
II. mundu gerraren ondoren arrazakeriaren teoriak guztiz baztertu eta ahazturik ziruditenean, azken urte hauetan arrazakeria estalia indartzen ari dela dirudi. Emigrazioaren fenomenoarekin joera diskriminatzaileak asko ugaritu dira Europa zahar eta ustel honetan.
Historian zehar teoria arrazistek izan duten bilakaeraz jakiteko hemen duzue audioa:
ENTZUN: