Ostegun honetan Hala Bedi eta Gaztetxeko kideek prentsaurrekoa eman dute aurtengo urtean biek batera urtemuga ospatu behar bait dute. Hona hemen Gazteizko txorimaloaren istorioa:Urtemuga ospatzeko logoa bateratua

Hor izan dira beti, txikitatik kuriositatez begiratu izan ditugun panpina berezi horiek. Botoiz egindako begi parea, lastoz betetako sabela, nonbait aurkitutako kapela buruan dutela. Ideia sarez jantziak, ortuetako babesle baldintza gabeak izan dira beti gure txorimaloak. Pasako da negua, elurte izugarriak, haize bolada ikaragarriak eta hor jarraituko dute, zutik. Pasako da uda, lehorteak, euri zaparradak. Pasako da udazkena, eroriko dira hostoak eta txorimaloek tente jarraituko dute beren lekuan, udaberrirako gero eta gutxiago falta dela jakinda.

Egia da. Hala Bedi Arabako irrati libreak eta Gasteizko gaztetxeak asko dute txorimalotik. Lehena 1983ko abuztuaren 4 batez sortu zen hiri honetan bertan eta 25 urte beteko ditu aurten, komunikatzeko modu ezberdin baten alde lanean. Bigarrena 1988ko San Prudentzio bezperan emandako ostiko batez jaio zen eta aurten beteko ditu bere 20 urteak, amets ezberdinen topaleku izan den gazteen etxeak. Biak ala biak proiektu askeak dira. Bide desberdinak egin badituzte ere, oinarri berdinetan sustraitzen diren alternatibak dira gasteiztarrontzat eta 2008an harrotasunez aldarrikatu nahi genituzke gure hirian hain beharrezko ditugun bi errealitate hauek.

Asanblada bidez egin dute aurrera biek. Eredu autoritario eta hierarkiakoetatik ihes eginez eta guztion parte-hartzea bermatuz. Urte luze hauetan burutu diren ekimen anitzek eta egunez egun egiten den lanak agerian uzten du asanbladaren eraginkortasuna. Irudimenari eta ilusioari eskerrak, berauetatik pasatako belaunaldi ezberdinek beraien arrastoa utzi dute hiri honetan. Eta hori asanbladarekin batera, Autogestioari esker izan da. Autogestioa da bi proiektuen bereizgarri nagusia. Instituzioen diru laguntzen menpe egon beharrean, guk geuk sortu ditugu geure beharrak asetzeko tresnak, inork baldintzatu gabe. Halere, autogestioa modu zabalagoan ulertzen dugu . Lan egiteko modu bat da guretzat. Profesionaletara jo beharrean ondoan daukanarengandik ikasiz, akatsetatik hobetuz, proiektu bakoitza autogestiorako bidean pauso txiki bezala ulertuz.

Txorimaloak gara beraz, generazio berri bakoitzarekin biziberritzen diren txorimaloak. Hasierako izpiritu berbera mantentzen duten txorimaloak. Batzuek beldurra izan digute hasieratik. Berezia edo desberdina dena baliorik ez duen zerbaitekin parekatu nahi izan dute, aurreiritziak landatuz eta epai faltsuak eginez. Urteen poderioz ordea, txori bihurri anitz gerturatu da guregana. Hain beldurgarriak ziren panpina haiek inor gutxi beldurtzen zuten beraiengana hurbildutakoan. Kuriositatez beteta hasieran, mesfidantzaz zenbaitetan. Baina denborarekin, gero eta gehiago izan dira gure ondora jolastera etorri diren txoriak. Txori hauek denak, Gasteizko herri mugimendu osoa bezain anitzak izan dira, kolore eta ideia desberdinetakoak.
Hala Bedi irratia eta Gasteizko Gaztetxea herri mugimenduaren bozgorailu eta tresnatzat ulertzen ditugu ezinbestean. Herri mugimenduari esker diraugu bizirik. Txori horiek guztiek eman diote zentzua gure eguneroko lanari, beharrezkoa izan denean euren berotasun osoa eskainiz.

Atala: Herri albisteak · Irrati albisteak