Hala Bedi irratiak bazkide kanpaina martxan jarri du bere 25. urtemugan, ekonomikoki independiente izaten jarraitzeko. Prentsaurrekoa Hala Bedi Tabernan izan da, independentzia ekonomikoa bermatzen duen beste diru iturri baten eremua.
Hala Bediko bazkideak (Halabelarriak) dira irratia ekonomikoki mantentzen dutenak, Halabelarriak irratiko diru sarreren %60 baino gehiago suposatzen dute. Gaur egun 600 bazkide inguru ditu Hala Bedik. Irratiaren ekonomia berrindartzeko asmoz dator Egin zazu egin zaitez Halabelarri kanpaina. Oraingo honetan Halabelarri “beteranoari” eskatuko zaio bazkide berria egin dezan; hau da, Halabelarri bakoitzari gutxienez bazkide bat egitea eskatzen zaio. Halabelarri berriak egiteko postalak egongo dira zenbait tabernetan eta AEK eta IKAko euskaltegietan. Postalak uzteko ere buzoiak egongo dira irratian, tabernetan eta euskaltegietan.
Halabelarrien lana eskertzeko, egiten den bazkide bakoitzeko bi pertsonentzako afaria lortuko du bazkide “zaharrak”. Kanpainari buruzko informazio guztia Hala Bediko web orrian duzue, bazkide atalean.