Uztailaren 26an zozketa handi bat eginen dugu. Zozketa berexia izanen da, polita, umoretsua eta erakargarria.

Xorroxin irratiaren egoitza parean dagoen belaian burutuko da zozketa, erran bezala Uztailaren 26an, igandearekin atsaldeko 5etatik aitzinera. Belaia 4000 laukitxotan banatuko dugu. Bakoitzak 50×50 zentimetro izanen ditu. Guztira 50 lerro eta 80 zutabe. 4000 laukitxo hauek salgai jarriko dira, boleto batzuk aterako ditugu eta eskualdeko ostatu eta komertzio aunitzetan izanen dira salgai. Eskualdeko herrietan bakarrik jarriko dira salgai, dena den, Xorroxin Irratira deituz gero eskuratu ahal izanen dira. Laukitxo bakoitzak, boleto bakoitzak 5 euro balioko ditu, nahi adina eros daitezkeelarik. Boleto hauek uztailaren 26a arte gorde behar dira, egun horretan eginen baita zozketa berexia.

Sariak banatzeko hautatutakoak 3 behi izanen dira. Izan ere, 3 sari banatuko dira. Edo hobe erranda, 3 pak, sari bakoitzak gauza bat baino gehiago izanen duelarik. 3 behi eta 3 sari, beraz behi bakoitzak sari bat banatuko du. Baina, nola? Argi dago, behikaka.com izena duenez, behiaren kakak erabakiko du zein den irabazlea. Behiak kaka egiten duen laukitxoaren jabea izanen da sariaren irabazlea. Dudak sor daitezke, ze laukitxotan egin du kaka, non hasi eta bukatzen da kaka,….guztiak argitzeko arauak idatzita daude, eta 3 epaile arduratuko dira epaia emateaz. Eta kaka egiten ez badu? Hori ere arauetan ageri da.

Argi dago, zozketa honen helburuetako bat dirua biltzea dela, laguntza ekonomikoa jasotzea dela, dena den, ez da soilik hori izanen. Egun hortan berean, uztailaren 26an, besta ttiki baten moduan planteatuko dugu zozketa, musika, zuzeneko irratsaioa, bertsolariak, jokaldi hoberenen komentarioak…izanen ditugu, eta tragoxkaren bat hartzeko ostatua ere.

Kamisetak ere atera ditugu, espreski zozketa berexi honetarako, Xorroxin irratian berean, edota hainbat puntutan salgai izanen dira, haur eta helduendako.

Ez da zozketa puntuala izanen, ez dugu aurten bakarrik egiteko intentzioa, urtero egiteko asmoa dugu.

Informazio osotua www.behikaka.com web orrialdean.

Atala: Arrosa