
Tas-Tas uneoro garatzen ari den irrati libre eta komunitarioa dugu. Gero eta norbanako eta eragile gehiago Tas-Tasen entzun eta parte hartzeko aukera egiten dutela uste dugu,irrati espektroan freskotasuna eta kolore aniztasunaren ekarpena egiten dugulako, irrati ofizialen pentsamendu bakarra eta zaharkituaren aurrean, boterearekiko gero eta menpekotasun gehiago daukaten irratiek alegia.
Gaur egun Tas-Tas Irratiaren baitan 90 lagunek parte hartzen dute era boluntarioan proiektu honek aurrera egin dezan eta ahalik eta jende gehien hel dadin, gizarte aldaketa eta herri mugimenduaren aldarrikapenak sustatuz. 90 lagun hauetaz gain, gaur egun laguntzaileak direnak eta Zaratas konpartsan parte hartzen dutenek kontutan hartu beharra dago.
Baina bere atzean alderdi politikoek eta talde mediatiko handiek ez dituen edozein proiektu bezala, jendearen bultzada behar dugu aurrera egiteko. Uste dugu hobetzen ari garela bai emisio kalidadearen aldetik baita eskaintzen ditugun edukietan ere, eta aurrera jarraitzeko zure laguntza ekonomikoa behar dugu jende gehiagorengana iristeko eta benetako irrati herrikoia lortzeko.
Orain, Tas-Tas Irratitik “Dzanga egin uhinetan!” kanpaina abian jartzen dugu. Kanpaina honek bi helburu nagusi ditu. Alde batetik, gaur egun dauzkagun laguntzaileen kopurua areagotzea (150) proiektuaren egonkortasuna eta independentzia ekonomikoa bermatu ahal izateko; bestaldetik, kalean eta beste aldizkarietan gure proiektua ikusgai bilakatu nahi dugu, proiektua gure jendearen artean iragartzeko.
Uste dugu berezko proiektuak sustatu behar ditugula, hedabide handiek gobernatzaileengan eta bere politikengan ematen duten sostengu lotsagarriaz kexatzeari uzteko. Holan bideratu ahal izango dugu hainbeste desiatzen dugun gizarte aldaketa. Hedabide ezberdin baten aldeko apustua egin, dzanga egin uhinetan! Aurreko guztiagatik eskatzen dizugu, irrati honen lana beharrezko eta positibotzat jo izanez gero, proiektua finantzatzen laguntzeko, Tas-Taseko laguntzaile eginez. Egin dezakezu laguntzaileak (ARROBA)tas-tas.org helbidera email bat idatziz edo 94 4 15 14 14 telefonora deituz.