Arrosa Aurkezpena

ARROSA irrati sarea Euskal Herri osoko irrati mordoxka baten elkarlanaren ondorioa da. Bertan biltzen garen irrati gehienak txiki xamarrak gara, herri edo eskualde mailakoak.

Herria Mugi! ekimenak, Joxe Zumalabe Fundazioaren laguntzarekin, 2001eko udaberrian Euskal Herriko Herri Mugimenduen III. Topaketak antolatu zituen Barrian (Araba). Ekimen horretako Komunikazio lan taldeak proposatuta, Euskal Herriko irrati mordoxka bat deitu ziren planteamendu garbi batekin: irration arteko elkarlana areagotu eta gure baliabideei probetxu hobea ateratzeko ezer egin ote zitekeen hausnartzea. Bertan eta ondoren bileretan finkatu ziren gaur egun arte Arrosaren oinarriak direnak:

  • Euskal Herri osoan lanean dabiltzan irratien topalekua izan nahi du, eta hala da hein haundi batean.
  • Irrati ezberdinak bildu arren, hainbat behar eta nahietan bat egin dezakegu. Badugu elkarri zer hartu eta zer emana.
  • Baliabide teknologikoek lehen zailagoa zena errazten dute, berak horiek probextu beharra dago
  • Komunikabideen eremuan egunetik egunera enpresa handiak nagusitzen ari direnez, gertuko komunikabideen esparrua ere bereganatzen hasiak direla jakinik, gertuko komunikazio horretan aritzen garen euskarazko komunikabideek elkartu eta indartu beharra dugu, enpresa handiei aurre egingo badiegu.
  • Irrati bakoitzaren izaera errespetatu beharra dago, bakoitzaren beharrei moldatzeko gaitasuna izan behar du Arrosak.
  • Arrosak Euskal Herria du erreferentzia eremua eta euskara hizkuntza. Euskalki ezberdinen erabilera ere sustatu nahi du.

Oinarri horiekin gorpuztu da gaur egun Arrosa irrati sarea dena. Elkar ezagutzarako eta koordinazio sare izateaz gain, irrati emankizun ezberdinak elkartrukatzeko egitura ere bada.

Momentu honetan hauxe da egiten ari garena eta egin nahi duguna:

  • Zerbitzaria astindu: irratiok sortzen ditugun irratsaio, elkarrizketa, soinu dei eta gainontzekoak elkartrukatu.
  • Elkarrekin sortutako honi eutsi, orain arte izan dugun giro eta umore onarekin.

Arrosa irrati sarearekin harremanetan jartzeko:

665739760 telefonoa
Larramendi 11, behea 20.120 Hernani Gipuzkoa
arrosa@arrosa.org


-ren azken artikuluak: (34 Artik.)