Prentsa

Arrosa Irrati Ekoizpen Zentroa martxan

Juan Etxenike ¦ 2002-12-17 ¦ 16:09 ¦ Kultura

Aurreko larunbatean, goizeko 11:30ean ireki zen ofizialki, Martin Ugalde Kultur parkean Arrosa Irrati Ekoizpen Zentroa duen egoitza. Orain, elkarlanean egindako emankizuna entzun daiteke Internet bidez.

Aurkezpen laburra egin zuten Irantzu Jauregi eta Aitziber Perez de Karkamo, Arrosako partaideek.

Arrosa, ez da irrati bat ez baitu bere kabuz emititzen. Irrati askoren elkarlanarako zentroa baizik. Bertan Euskal Herri osoko irrati libre, herri eta eskualdeko irrati zein irrati komertzial batek indarrak batu dituzte.

Hasieratik, Arrosatik aste egunetan, ordu bateko irrati emankizuna (”Ostarteko balkoia” magazina) ematen ari dira. Magazin hori entzungai da Gure Irratian, Hala Bedi Irratian eta Oiartzun Irratian.

Laister, soinu zerbitzari bati esker, irrati guztientzako intranet antzeko bat osatu nahi dute. Bertan, irrati bakoitzen saioak digitalizatu eta bilduko dira, nahi duen irratiak erabil ditzan.

Hori horrela, horizonte berriak irekitzen zaizkio herri honetan irratigintza lokalean eta librean aditu askori. Sistema honen bidez, Xiberuko botzako emankizun bat, entzungai izan daiteke Gasteizen eta baita Gasteizkoa han ere.

Ea irrati ekoizpen zentro honek bere fruituak ematen dituen, eta irrati berriei bidea ematen dien.

Momentuz, jakin ezazue, “Ostarteko balkoia” magazina entzungai dela Internet bidez Gure Irratia -ren webgunearen bitartez, astelehenetik ostiralera arratsaldeko lauretan.

Arrosa ekoizpen zentroaren ibilbide eta esperientzia aurkeztu dute Topaketetan

Arrosa irrati ekoizpen zentroaren esperientzia izan da baita ere igande goizez mintzagai. Txikian handi eta munduan bakarrak izan daitezke proiektuak eta horren erakusleetako bat da Euskal Herriko irratien elkarlan hau.

2000 urtean abiatu zuten proiektu berria irrati txikiak lotzeko asmoz. Proiektu irekia izan zen hasieran, guztiak batu zituzten: irrati libreak, tokikoak, komertzialak… Handiak ziren asmoak eta baita proiektuak ere, hala sortu zen ARROSA irrati ekoizpen zentroa. Egoitza bat, estudio bat eta programa komun bat abiatu zituzten. Horrekin batera jarraipen bereziak egin zituzten Korrika, Egunkarieraren itxiera eta antzekoetan, aldi berean 24 irratitan emititzera iritsi ziren.

Baina, arriskatzeak bere arriskuak ere baditu eta ekoizpen zentroaren proiektu hura ez zen posible izan. Bazen, ordea, elkarlan horren fruitu emankorra emango zuen beste proiektu bat: irrati programen zerbitzaria. Horri helduta azken urteetan bilakaera txukuna izaten ari da proiektua. Modu sistematikoan zehaztu dute irrati guztiek zerbitzariaren erabilera, zehaztu dute noiz igotzen diren programak eta noiz emititzen den irrati bakoitzaren programa beste irratietan.

Web orri berria ari dira garatzen orain Arrosakoak baina, eztabaidagai jarri da topaketetan ez ote lukeen eskaini beharko Arrosak bere baitan eskaintzen den programazio guztia sarean, edonork entzun ahal izateko beste irratietako programak.

Halako proiektuei atera dakiokeen onura ezberdinaz ere hitz egin da. Hala, Irauli Uhinak irratsaioa irrati proiektu bihurtzeko bidean Arrosak eskaintzen duen bitartekoa azpimarratu da. Izan ere, asmoa da zerbitzari horren bidez irrati oso bat osatzea gazte mugimenduaren eskura.

ARROSA IRRATI-EKOIZPEN ZENTROA Abenduaren 8an, Biarritzen, Gure Irratiaren 20. urtemuga ospatzeko antolatutako kongresuan, Arrosa Irrati-ekoizpen zentroa sortzeko asmoa agertu genuen Euskal Herriko 19 irratik. Bertan Beleixe (Sakana), Eguzki (Iruñea), Esan Erran (Basaburua), Euskalherria (Iruñerria), Gure Irratia (Lapurdi), Hala Bedi (Araba), Herri Irratia (Gipuzkoa eta Araba), Irratia.com, Irulegi (Nafarroa Behea), Molotof (Hernani), Oiartzun, Pottoka (Eibar), Tas-Tas (Bilbo), Txapa (Bergara), Txolarre (Tolosaldea), Xiberoko Botza (Zuberoa), Xorroxin (Baztan), Irati (Aezkoa) eta Oreretako Zintzilik Irratia bildu ginen. Bazkari goxo baten ostean, irratien bilkura egin zen eta bertan 2001 urtean zehar egindako bileretan agertutako asmo eta ideiekin aurrera jarraitzea adostu zen. Asmoa irratien alterko elkarlanean oinarrituz eta egungo teknologiiak erabiliz Irrati-ekoizpen zentro bat sortzea da. Profesionala, egonkorra eta parte hartze ezberdinak izango dituen zentro honek egunero bi irrati ekoizpen ekoiztuko lituzke irratiek bidaltzen dituzten korte informatiboekin, egunero magazin bat sortuko luke mahainguru, elkarrizketa eta antzekoekin, informazio guzti hori ere internetez zabalduko luke eta, iazko experentziekin jarraituz, irrati guztien arteko emisioak antolatuko lituzke (Korrika, Arrosako jailadia, Nafarroa Oinez, etab…) Proiektu hau 2002. urtean eztabaidatuko da irratien artean eta 2002. maitzaren amaierako Arrosa Irrati-Ekoizpen Zentroa martxan jartzeko asmoa dago. Beraz, datorren urtean informazio gehiago izango duzue proiektu honen berri.

Arrosa-ren azken artikuluak: (31 Artik.)